Ukrainarekiko Elkartasunetik Justizia Globalera

Author

Delegation of ENSU/RESU

Date
May 24, 2022

Ukrainarekiko Europako elkartasun-sarearen ordezkaritzak (https://ukraine-solidarity.eu) eta Ukrainako gizarte-mugimenduetako ordezkariek onartutako azken adierazpena

Lviv, 2022ko maiatzaren 6a

Joan den otsailaren 24an, errusiar inperialismoak eraso egin zion Ukrainari. Bi hilabetetik gorako aldi honetan, Ukrainako herriak borroka desorekatu bati ekin dio okupazio-indarren kontra, ehunka hildako izan ditu, eta suntsipen masiboak jasan ditu. Mendebaldeko zein Errusiako politikari askok Ukraina egun gutxiren buruan eroriko zela iragarri zuten, baina Ukrainako herriak bizitzaren eremu guztietan agertu duen mobilizazio handiak eta Ukrainako erresistentziaren borroka heroikoak ikuspegi hori okerra zela utzi dute agerian. Hala ere, Europako herrialde askok Errusiako gerra-makineria finantzatzen jarraitzen dute Errusiako petrolioa eta gasa erostearen bidez.

Aldi berean, gerraren aurretik eta gerraren aldian bertan aberatsenen mesedetan egindako erreformak jasaten ari da Ukrainako herria. Erabaki politiko horien ondorioz, gerraren zama herritarrak jasaten ari dira. Horren erakusgarri ditugu langileen lan-eskubideen murrizketa eta enpresen jabeei zergak murriztu izana. Aldaketa horiekin batera, gizarte-babeseko sistemak desegiten ari dira pixkanaka, eta gerrak eraginpean hartutako ukrainarrak baldintza jasanezinetan geratu dira.  Egoera horretan, Ukrainak Nazioarteko Diru Funtsarekin eta beste hartzekodun batzuekin dituen betebeharrak betetzen jarraitzen du. Hartzekodunak eta mundu osoko bankariak aberasteko erabili ordez, diru hori herrialdea defendatzeko eta herritarren oinarrizko premiei erantzuteko erabili beharko litzateke. Nazioarteko Diru Funtsak, ordea, herritarren aurkako erreformak sustatzen jarraitzen du Ukrainan bere politikaren bidez. Horren ondorioz, herrialdea gero eta mendekotasun handiago batean uzten, haren independentzia zapuzten eta berreraikuntza zailtzen ari da.

Azpiegituren, fabriken eta etxebizitza-auzoen suntsipenak Ukrainako berreraikuntzaren arazoa planteatzen du. Premiazkoa da zehaztea zer baldintzatan eta zer kosturekin berreraikiko den gerraren ondoren. Politika neoliberalean oinarritutako berreraikuntza batek are pobrezia handiagoa eta are oligarkia indartsuagoa ekarriko luke. Ukraina eta herrialde horrek munduan egoerarik txarrenean dauden herritarrentzako oinarrizko ondasunen horniduran betetzen duen zeregina erabat berreskuratzea ezinezkoa izango da Estatuko eta munduko politika sozioekonomikoaren norabidea aldatzen ez bada. Errusiaren erasoari eman beharreko erantzuna munduko herrien elkartasuna da.

Ukrainaren garaipenak Siriako, Bielorrusiako eta beste herrialde batzuetako erregimen autoritarioak ahulduko ditu, eta horrek benetako aukera emango dio munduari justizia soziala eta ingurumen-justizia jasoko dituen garapen demokratiko baterantz aurrera egiteko. Ukrainako kanpo-zorra deuseztatzea desberdintasunean eta esplotazioan oinarrituta dagoen neoliberalismoaren nagusitasunaren aurkako urratsa izango da. Horrelako politika baten ereduak bidea irekiko die beste herrialde batzuei garapen-politika egonkorrak lortzeko, neurriz kanpoko mailegu-baldintzen bidez pobreenak kaltetu gabe eta aberatsenen alde jokatu gabe.

Gure ezkerra, sindikatuak, feministak eta giza eskubideen defendatzaileak Ukrainaren garaipenaren eta gerraren ondorengo oparotasunaren alde ari dira borrokan, eta honako hauek aldarrikatzen dituzte nagusiki:

  • Errusiako tropak Ukrainatik erretiratzea, batez ere Donetsk eta Luhanskeko eskualdeetan okupatutako lurraldeetatik eta Krimeako Errepublika Autonomotik.
  • Ukrainara laguntza militarra eta humanitarioa bidaltzea eta Putinen Errusiaren aurka zigor gogorrak ezartzea.
  • Ukraina berreraikitzeko gizarte-programa bat sartzea, merkataritza-eliteak aberastu ordez herrialdeko biztanleentzako laguntza lehenetsiko duena.
  • Errusiako erregai fosilak erosteari uko egitea eta benetako energia-trantsizio bat egitea, erregai fosilak beste iturri batzuetatik lortutako hornidurekin ordezteko.
  • Ukrainako kanpo-zorra indargabetzea eta atzerrian funtsak ezkutatzeko ezintasuna ezartzea.
  • Errefuxiatu guztiei laguntzea, haien nazionalitatea, jatorri etnikoa, erlijioa eta abar edozein izanik ere. Lege eta jardunbide diskriminatzaile oro indargabetzea.
  • Ukrainako erreforma antisozialei amaiera ematea eta langile-klaseari bizitza politikoan eta hauteskundeetan parte hartzea eragozten dioten tasa altuak desagerraraztea.